Larunbat honetan, abuztuak 1, jokatuko da Laxoa kopako final handia Arraiozko plazan. Aurtengoan ere, iaz bezala, baztandarren arteko finala izango dugu, Arraioz Sagardia eta Irurita Migueleneren artekoa.
Arraiozko taldea honako hauek osatua izango da: Mikel Mindeguia sakatzaile, Xabi Mihura numero eta Jon Gamio eta Miguel Maritorena kuarto lanetan.
Iruritako taldea honakoek osatuko dute: Xabier Barberena sakatzaile lanetan, Gorka Urtasun numero eta Egoitz Prim eta Iñaki Etxandi kuarto bezala.
Arraioztarrentzat final berexia izanen da aurtengoa. Urteak daramatzate talde indartsua direla erakusten, ohikoa bihurtu da final erdietan beren izenak ikustea urtez urte. Aurtengoan, aldiz, finala jokatzeko eskubidea irabazi dute, eta zihur herriko plazan jokatuta, txapela lortzeko aukera aprobetxatu nahiko dutela.
Iruritarrak, aldiz, bostgarren finala dute azken sei urteetan. Duela 4 urte garaile sortatu ziren plazara itzultzen dira. Orduan Doneztebeko taldea zuten aurkari, oraingoan, berriz, herriko Arraioz Sagardia dute. Azken urte hauetan talde gutxi izan dira Irurita Miguelenekoak garaitu dutenak, hortaz, azken 5 urteetan 4 txapel lortu dituzte. Seguru 5. txapela ere nahiko dutela.
Final polit bat ikusi nahi baduzu, larunbatean, abuztuak 1, Arraiozko plazan itxarongo dizugu arratsaldeko 5etan. Ez ahaztu maskarilla ekartzea. Plazan elkar ikusiko gara!

Utzi zure komentarioa