Asteburu honetan jokatuko da ligaxkako azken jardunaldia. Jardunaldi berezia, izan ere, ez dago ezer erabakita oraindik. Gainera, ligaxkako posizio bakoitzak bere garrantzia dauka kanporaketetako hurrengo partiduetarako, abantaila ezberdinak izango dira eta posizioaren arabera:
Iaz gertatu zen bezala, aurten ere final “handia” eta final “txikia” egongo dira. Sailkapeneko lehenengo biak final handiko final erdietara joango dira zuzenean. Aldiz, sailkapeneko azkeneko biak final txikiko final erdira joanen dira. Gakoa 3. eta 6. sailkatuen artean izango da. Izan ere, posizio horretan sailkatutako taldeek final laurdenak jokatu beharko dituzte beraien artean (3 vs 6 eta 4 vs 5). Final laurdenak partidu bakarrera izango dira eta partidu hori etxean jokatuko dute 3 eta 4 sailkatuak. Final laurdenetako garaileek final erdi handiko gelditzen diren 2 txartelak lortuko dituzte.
Sailkapeneko lehen bi postuen borrokan Doneztebe The Moment, Oitz A, Arraioz Sagardia eta Irurita Migelene daude. Kasualki, beraien artean jokatzen dute azken jardunaldia: Sagardia vs The Moment eta Oitz A vs Migelene. Baina ez da hor gelditzen afera. Doneztebe Apeztegiak ere 3 edo 4 postuetarako txartela lortu dezake oraindik, Sagardia eta Migelenerengandik 2 puntutara bakarrik dago eta. Beraz, lehen bost postuak oraindik erabakitzeke daude.
Eta goitiko postuetan intriga badago, beheko postueta ere ez dira gibelean gelditzen. Oitz B, Doneztebe Menditxuri eta Doneztebe Titi bi puntuko diferentziarekin daude. Hiruek borrokatuko dute final erdietarako gelditzen den txartelarengatik. Menditxuri eta Titik beraien artean jokatzen dute, beraz, batek behintzat ez du txartel hori lortuko. Oitz B-k Apeztegia izango du arerio Doneztebeko Bear Zana pilotalekuan. Zaila badute ere, hiru puntuak lortuz gero, Apeztegiakoen aurretik jarriko lirateke. Beraz, beheko partean ere dena erabakitzeko dago oraindik!
Ikusten duzuen bezala, oso jardunaldi interesgarria daukagu asteburu honetan. Partiduetako ordutegiak ikusteko, HEMEN egin dezakezue klik.
Plazan ikusiko gara!



Utzi zure komentarioa