Igandean jokatuko da paxaka txapelketako finala Iruritako Aranabia pilotalekuan. Finala Erratzu eta Oitzek jokatuko dute. Erratzuko taldea Gorka Urtasun, Manu Irigoien eta Kaiet Itoizek osatuko dute. Oitzko taldea Ioritz Zelaieta, Iker Bereau eta Jon Oiarzabalek. Iazko finala errepikatuko da beraz. Azken aldian, Erratzuko taldeak markagailu estu batekin lortu zuen txapela. Aurtengoan, Oitztarrek mendekua hartzeko aukera izango dute.
Baina finalaren aurretik, 3. postua lortzeko partidua jokatuko dute Doneztebe eta Iruritak. Doneztebeko taldea Jon Apeztegia, Mikel Telletxea eta Ugutz Zelaietak osatzen dute. Iruritako taldea Mikel Mindegia, Mikel Sagaseta eta Xabier Baberenak osatu beharra zuten, baina azken honek final erdietan min hartuta, ezin izango du jokatu eta ordezkoak jokatuko du. Partidu hau ere, iazko talde berdinek jokatzen dute eta Doneztebekoak izan ziren garaile partidu horretan. Beraz, hemen ere mendekua hartzeko aukera izango dute, kasu honetan, Iruritarrek.
Lehen partidua arratsaldeko 4etan hasiko da eta bigarren partidua, finala, arratsaldeko 5ak aldera. Finala eta gero, sari banaketa eta zozketak eginen dira gerturatutako ikusleen artean. Igandeko arratsaldea pasatzeko plan ezin hobea izango da.
Plazan ikusiko gara!

Utzi zure komentarioa