Bihar, abuztuak 3, Iruritako plazan jokatukoa da Baztan – Errekako XL. Laxoa txapelketako finala. Azken urtetan bezala, goizean 3. eta 4. posturako partida izango da. Arratsaldean, final handia jokatuko da. Pilotari, antolatzaile eta zaleak ilunabarrean bilduko dira afari eder batetaz gozatzeko.
3. eta 4. posturako partida 11:30etan hasiko da. Bertan, Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apeztegiak jokatuko dute. Dagoeneko ohituta gaude bi talde hauek final egunean ikustera, eta ziur, laister lortuko dutela final haundia jokatzeko eskubidea.
Arratsaldeko 5 t’erdietan izango da final handiaren txanda. Bertan, Irurita bi taldeak jokatuko dute. Miguelene VS Olari, gazteria esperientziaren aurka. Irurita Migueleneko “gazteak”, moralez kargaturik iristen dira finalera. Izan ere, orain arte txapelketan lortutako partida guztiak irabazi dituzte. Beraz, finala bakarrik geratzen zaie urte perfektu bat borobiltzeko.
Irurita Olarikoak ere moralki oso indartsu iristen dira. Izan ere, final erdietan ia dena galtzear zeukatelarik, beren nortasuna atera eta 8 joko jarraian eginez ikaragarrizko buelta eman zioten partidari, finalerako merezitako lekua lortuz.
Horrela ba, laxoaz gozatzeko, bihar Iruritako erreboteko plazan gelditzen gara zuen zain, non ziur gaude, beste behin, garaile handia LAXOA izango dela.

Leave a Reply