XLVI. Nafarroako Laxoa Txapelketa amaitu da, eta Doneztebe Titi taldeak jantzi du aurtengo txapela, finalean Oitz B taldeari 3-9 irabazi ondoren.
Finala oso parekatuta hasi zen. Titik lehen bi jokoak irabazi zituen, baina Oitzkoek berehala erantzun zuen berdinketa jarriz (2-2). Une horretatik aurrera, doneztebearrek maila bikaina erakutsi zuten eta bost joko jarraian irabazi zituzten, markagailua 2-7 jarriz.
Oiztarrek azken ahalegina egin zuten eta 3-7 jarri ziren. Hurrengo jokoan, gainera, 40-0 aurreratu ziren 4-7 gerturatzeko aukera paregabearekin. Hala ere, ezin izan zuten aukera baliatu, eta Doneztebe Titik jokoari buelta eman zion. Ondoren, azken jokoa ere bereganatu zuen, 3-9ko emaitzarekin txapela eskuratuz.
Doneztebe Titik neurketa osoan zehar sendotasun eta erregulartasun handia erakutsi zuen, une oro partiduan oso sartuta egonez. Oitz B, aldiz, hasiera ona egin arren, pixkanaka indarra galduz joan zen.
🥉 Hirugarren posturako partida
Goizean jokatutako 3. eta 4. postuetako partidan, Oitz A taldeak 9-5 irabazi zion Arraioz Zubiondoa – Indakoa taldeari. Finala baino partida orekatuagoa izan zen, eta bi taldeek maila ona eskaini zuten.
🎉 Laxoaren festa Oitzen
Finaleko jardunaldia ez zen pilotaz bakarrik osatu.
🍽️ Eguerdiko bazkarian ia 40 lagun elkartu ziren Donamariako Bentan.
📚 Arratsaldeko bisita gidatuetan, berriz, 50 lagundik gora hurbildu ziren Laxoaren historia eta jokoaren inguruko azalpenak entzutera.
🏆 Finala amaitu ondoren, sari banaketa egin zen, eta eguna giro ezin hobean amaitu zen elkartean eskainitako luntxarekin eta musikarekin.
Laxoa Elkartetik zorionak eman nahi dizkiegu Doneztebe Titi taldeko jokalari guztiei lortutako txapelagatik, baita txapelketan parte hartu duten talde guztiei ere, erakutsitako konpromiso eta kiroltasunagatik.
Eskerrik beroenak, halaber, babesleei, boluntarioei, Oizko Udalari eta finaleko jardunaldia posible egin duten pertsona guztiei, baita urte osoan zehar gurekin egon diren zale guztiei ere.
Plazan ikusiko gara!



Argazkiak: Ondikol
Utzi zure komentarioa